Nor Gara


Nor Gara, Gure Historia

Espainiako Gazte Sozialistak (EGS), Espainiako gazte sozialisten gazteen antolakunde politikoa da.  Gure sinboloa izarra eta ukabila dira, eta  bandera barruan agertzen dira sinbolo historiko gisa.  PSOE-rekin lankidetza baten bitartez lotuta dago, eta  lankidetza horretan, erakunde eta politika arloko independentziarekin batera, PSOE-ren aukera estrategikoekiko beharrezko koordinazioa ere bada. PSOE-ren kongresu eta komite federaletan definitzen da aukera hori, baina beti babestuko da gure kongresu eta komite federalen ondorioz sortzen diren proposamenak.

Jarraian EGS-ren printzipio iradokitzaileak azalduko ditugu. Printzipio horiek kide guztiek eta EGS-ko zuzendaritzako, kontroleko eta kudeaketako organo guztiek onartu eta babestu beharko dituzte:

– Barne demokrazia eta berdintasuna, guztiz bermatzeko Federazio eta bertako kide guztiek antolakundearen bizitzan parte-hartzeko aukera dutela EGS-k horretarako dituen bideez baliatuz. Horretarako, gure Estatutuek eta sor daitezkeen Araudiek beharrezko bideak egituratuko dituzte.

– Kontzientzia, pentsamendu eta adierazpen askatasunarekiko errespetua gure antolakundearen barruan eta militante bakoitzarentzat.

– EGS-ko organo eskudunek hartu dituzten erabakiak bete beharko dira. Antolakundearen kontzepzio federala, eta uneoro federazioen autonomia zainduko da, betiere Ebazpen Federalen eta Estatutuen eta Araudien aurkakoa ez bada.

– EGS-ko organoen arteko eskumenen banaketa.

– EGS-ren unitatea, Kongresuen eta Konferentzien Ebazpenek jasotako oinarrizko proposamenen eta gizartearen aurrean militanteek duten ekintza unitatearen alde eginez lortutakoa.

– Antolakunde osoa ordezkatzen duten organoei dagokie euren eskumenen barruan maila bakoitzean EGS-ren jarrera finkatzeko ebazpenak hartzea, baita abian jarriko dituzten irizpideak finkatzea ere, betiere militante guztien laguntza eta kooperazioarekin.

– Ideia eta egituren berrikuntzari, diskurtsoaren modernizazioari eta PSOE-ren birsorkuntza politikoari laguntzea eta hori sustatzea.

– EGS-ren ebazpenen edukia ideologia sozialistarekin bat etorriko dela zaintzea.

Gure Historia

Gazte sozialisten lehen taldea 1903ko irailaren 27an Erandion (Bilbo) sortu zen. Hau da, Tomás Meabek, antolakundearen fundatzaileak, “La lucha de clases” izeneko egunkarian “Derroteros” tituluko editorialean Belgikako Gazte Sozialistetan oinarrituz gazteen antolakunde bat sortzeko beharraz hitz egin eta hamar egun igaro zirenean. Belgikakoa, lehen gazte sozialisten antolakundea izan zen.

Berehala iparraldean zenbait talde sortu ziren, batez ere meategietako eta industrializatutako eremuetan, hiri handietan eta langileen mugimendu garrantzitsua zuten hiriburuetan. Baina Espainiako Gazte Sozialistak, gaur ezagutzen dugun moduan, 1906ko apirilaren 14tik 16ra Bilbon kongresu bat egin zenean sortu zen; kongresu horretan, Espainiako Gazte Sozialisten Federazio Nazionala osatzea onetsi zuten.

1908an II. Kongresu Federala egin zuten; antolakundearen ideologia oinarriak finkatu ziren aipatutako kongresu horretan. Horrela bada, antimilitarismoaz gain (antolakundearen sorrera horretan oinarritu zen), hezkuntzarekiko eta prestakuntzarekiko kezka erakutsiko duten zenbait ebazpen onetsi ziren, baita hasi berria zen feminismoarekiko kezka ere. Hori dela-eta, Gazte Sozialisten barruan zenbait Emakume Talde sortu ziren.

1908tik 1919ra antolakundea asko hazi zen, eta Espainian zenbait talde sortu ziren. Baina 1919. urtean III. Internazionaleko konstituzioak, eta Gazte Sozialistek horren alde egitea erabaki izanak (PSOE-ren aurrean, ezen ez-ohiko kongresu batean II. Internazionalarekin jarraitzea erabaki baitzuen), haustura ekarri zuten eta 1921. urtean haustura hori gauzatu zen, Ez-ohiko Kongresu batek erabaki zuenean, ezberdintasun urri batekin, antolakundea Espainiako Langileen Alderdi Komunistan sartzea Gazte Komunisten Federazioa sortzeko.

1925. urtean, gazte talde batek Gazte Sozialistak berrantolatzea erabaki zuen eta EGS-ren I. Kongresu Nazionala egin zuten. Kongresu hori birsorkuntzaren kongresua izan zen eta berriz PSOE-rekin bat egitea erabaki zuten. Horrela bada, beste etapa bat hasi zen; etapa berri horretan, Gazte Sozialisten profil politikoa urria izan zen; PSOE-ren zuzendaritzaren kontrola handia zen, 1921. urtean gertatutakoa berriz gertatzeko beldur baitzen.

EGS-ren III. Kongresu Nazionala 1929ko maiatzean egin zen, eta antolakundearen jarrera politikoen norabidea aldatu zuen guztiz. Bere aldarrikapen eta politika programaren zirriborroa egitera ausartu zen. 1932an egindako Kongresuan finkatu zen aipatutako programa hori.

Diktaduraren amaierarekin, Espainian prozesu iraultzaile bat hasi zen eta II. Errepublika aldarrikatu zen 1931ko apirilaren 14an. Horren ondorioz, antolakundea asko hazi zen eta 1929ko Kongresuan 1.500 militante bazituen, 1932koan 12.000 militante zituen.

1932ko Kongresuak, gainera, antolakundeari behin betiko bultzada eman zion. Ebazpen mordo bildu ziren, eta praktikan arlo guztietan jarduteko programa aldarrikatzailea zen; gainera, egoera politiko eta ekonomikoaren gaineko azterketa serioa ere egin zen. Militantzia sozialistak sortzeko arauak ere finkatu ziren (eskuinak komunikabideetan eta jendaurrean egiten zituen erasoei aurre egiteko taldeak ziren; horretarako, Errepublikaren Gobernuak abian jarritako proiektuak zabaldu eta azaltzen zituzten).

Espainiako Gazte Sozialisten V. Kongresua 1934ko apirilean egin zen, eta kongresu horretan beste zuzendaritza bat aukeratu zuten; horri esker, 1936an Espainiako Gazte Sozialistek eta Espainiako Gazte Komunisten Batasunak bat egin zuten; Gazte Sozialista Bateratuak (GSB) ziren eta Santiago Carrillo idazkari nagusia zen.

Baina 1939ko martxoaren 14an Espainiar Errepublikako gazte sozialistak Madrilen bildu ziren eta Gazte Sozialisten Federazio Nazionala osatzea erabaki zuten, Gazte Sozialista Bateratuek taldearen erradikalizatzearen aurkakoak ziren zuzendari guztiak euren karguetatik kendu zituztenean eta Alderdi Komunistan sartu zirenean.
Guda zibilaren ostean, militante gehienak erbestean, espetxean edo klandestinitatean ziren, eta zenbait saio egin ziren kanpotik antolakundea berrosatzeko. Baina 1945eko apirilean Toulousen Kongresu bat egin zuten eta EGS-ren Federazio bakarra osatzea erabaki zuten; egoitza, aipatutako frantziar hiri horretan zuten.

Barneko berrantolaketa gogorragoa izan zen, Espainiatik atera ezin zuten ezkerreko militante guztiak jazarpen eta sarraski baldintzen pean baitziren. Antolatzeko lehen ekintzak kartzeletan eta kontzentrazio-esparruetan burutu zituzten, eta gazte sozialistek antolakunde sozialista biltzeko, berregiteko eta bizirik iraunarazteko lan handia egin zuten Diktaduraren etapan.

70eko hamarkadaren hasieran, barneko militanteek nolabaiteko protagonismoa hartu zuten, eta XI. Kongresutik aurrera sendotu zen protagonismo hori. XI. Kongresua Lisboan 1975. urtean egin zuten. 1977ko otsailaren 19an Espainiako Gazte Sozialistak legezko antolakunde bihurtu ziren, eta urte horretako irailean “Sozialismoa hazaraz dezagun” leloarekin EGS-ren XIII. Kongresua egin zen. Kongresu horretan ahalegin handia egin zen antolakundea berariaz gazteei zuzendutako politika bat burutzearen aldeko estrategia batera egokitzeko. Gazteen Konstituzio Eskutitza egiten hasi ziren, eta Gazte Sozialisten erreferente politikoa izan zen. Eskutitz horrek, Konstituzioan sartu nahi ziren gazte aldarrikapenak jaso zituen.

1982ko urrian PSOE-k hauteskundeak irabazi zituen eta gazte sozialistentzat itxaropen eta ilusio handiko unea izan zen, baina, antolakundean tirabirak ere sortu ziren, ez baitzegoen beti Gobernuak hartzen zituen erabakien alde.

Aldaketa handiko urteak izan ziren, bai politikaren arloan, bai gizarte arloan, eta Gazte Sozialistek ideia politikoak, sortzen ziren gizarte-behar berrietara egokitu behar izan zituzten.

90eko hamarkadaren hasieran, gazte asko mobilizazioetatik aldendu zirenez eta eskuinari botoa ematen hasi zirenez, antolakundeak aldaketa egiteko beharra ikusi zuen, gazteei irekitzeko moduko aldaketa alegia. 1993ko kongresuan aldaketa horren oinarriak jarri ziren, eta 1996an aldaketa burutu zen; lan egiteko beste modu batzuk finkatu ziren eta kontserbadurismoari aurre egiteko, gazteentzako aukerak sustatzeko eta familia sozialistaren eztabaidetan zuzenean inplikatzeko beharra zen nagusi.

Berritzeko lerro horiek, eta gazteen parte-hartzea zuten fotoetan antolakundearen inplikazio handiagoa lortzeko lerroak (bereziki EGK-n), XXI. kongresutik, 2000. urtean egindakotik, aurrera indartu ziren. Kongresu horrek, gainera, Gazte Sozialisten eta PSOE-ren arteko harremana aldatu zuen. Gazte Sozialistak berriz Alderdiaren erabakitze-organoetan parte-hartzen hasi ziren ahotsarekin eta botoa emanez. Hori dela-eta, antolakundeak bere ahotsa entzunarazteko aukera handiagoa zuen eta, aldi berean, gazteen ahotsa Alderdiari igortzeko gaitasuna zuen.

Horrela bada, oraindik indarrean duten lan-eredu bat ezarri zuten; horren arabera, gazte sozialistek PSOE-ren eta gazteen arteko (eta alderantziz) bitartekari funtzioa sendotu zen. Epe honetan, gazte sozialistak kalean, unibertsitateetan, bigarren hezkuntzako ikastetxeetan izan dira; gazteen elkarte-mugimenduan parte-hartze aktiboa izan dute; gizarte mugimenduarekin lankidetzan izan dira, eta jarduera politiko bizia izan dute; hori guztiari esker, gazteen kezkak eta arazoak Alderdiaren erabakiak hartzeko esparru nagusietara iritsi dira, kezka eta arazo horiek konpromiso bihurtu dira eta azkenean politika jakin batzuetan jaso dira.
tas.